Historia aurretik historiaurrea denez, esan daiteke dokumentu historikoak
gutaz hitzegiten hasi aurretik, badauzkagula udalerri barruan garai hartako
lekukoak. Lekuko hauek zerikusia dute Neolitos edo Menasta garaian (K.a.
2000-1000 urte) eginiko abelbideekin. Bide hau Urbiatik hasi eta kostaldean
bukatzen zenez, gure herriko mendi gainetatik pasatzen zen, eta hainbat
puntutan, ondare bezala, hildakoen oroigarriak -megalitismoa- laga zizkiguten.
Hor bada, Arrolamendiko edota Trekutzeko -trikuharritik datorrena- tumuloak.
Antzuolako sorrera ezin da ulertu Uzarraga -herrigunetik pare
bat kilometrora dagoen elizaurrea- aipatu barik, Gipuzkoako bederatzi elizate
zaharrenetariko bat dela esaten baita. Berau baieztatuz, horra hor Juan
Bataiatzaile Deunaren eliza, ohiturak esaten digunez Tenplarioena omen
zena. Hala ere, lurpeko urak sortaraziko korronteak direla eta, eliza guztia,
edo zati bat behinik-behin, hiru aldiz erori eta beste hainbestetan jaso
izan da.
Agian sorrera ilun honetan ere har lezake parte Baldejunkerako
borrokaldiaren azpian dagoen herri ohiturak.
Antzuolaren edo egungo herrigunearen historia, Olalde -makina
bat artisauren biltoki zelako eta horietako bat agian gureganaino iritsi
dena, larru eta harizko produktuena hain zuzen ere- inguruan Magdalenari
eskainia zegoen ospitalarekin (1489) hasten da. Herriaren sorrera
hau bat dator Errukizko Amaren izeneko parrokiaren sorrerarekin ere (1525).
Betidanik izan du herri honek Bergararekin zerikusia, 1391ko
urtarrilaren 20an Bergarako hiriari erantsi zitzaion, batez ere Gabiria
eta Ozaeta izeneko bandoei aurre egiteko eta hiriak zeuzkan abantailak
jaso ahal izateko. Batasun hau ez zen etengo 1629ko abenduaren 12a arte,
orduko erregea zen Felipe III.ari urrezko 5.000 dukat ordaindu ondoren,
Antzuolak independentzia eskuratu baitzuen.
XVIII-XIX. mendeek, lehenik eta behin frantsesen inbasioetaraino
garamatzate. Udalerriko baserrietan gehiegikeria asko egin bazituzten ere,
herritarrak ez ziren eskuak gurutzatuta gelditu. Herri tradizioak esaten
digunez, antzuolarren artean Pildain izeneko bat gerrilero ospetsua izan
zen garai honetan, eta dirudienez bere gorputza Antiguako ermitan lurperatuta
dago.
Garrantzizko beste ekintza bat Deskarga mendatean gertatu zen
karlistada garaian, bertan anai arteko borrokaldi odoltsua egin baitzen
karlista eta liberalen artean.
Eta egungo gizaldian murgilduz, ezin dugu aipatu barik laga gugan
industrializazioak eta ondoren emigrazioak izan duen eragina 60 eta 70eko
hamarkadetan, gaur egun krisialdi ekonomikoak, jaiotzen jaitsierak, jendearen
aldegiteak -herria biztanlegoa galtzen ari baita- edota ingurugiroaren
hondamendiak duen bezala.