JAIAK
 
 Alardea
 Alardeek Euskal Herrian duten esanahiaz hobeto jabetzeko, horien antolamendu militarretik abiatu behar da,
 Euskal Herriak antolamendu propioa baitzuen.
 Udal eraketak, herritar bakoitzak armen zerbitzua betetzea eskatzen zuen, horrela aita, semea eta norbera babesteko.
 Euskal ejerzitoaren eraketa, Gaztelan Erdi Aroan hain finkaturik egon ziren udal miliziek osatzen zuten
 eta buruzagiak alkateak ziren. Milizia hauen barruan konpainiak eratzen ziren herriko jendearekin edo zenbait
 kasutan herri batzuetakoekin elkartuta, jurisdikzioaren arabera.
 Eraketa horrek, herriko enparantzan armak aztertzeko eta guda gizonak zeintzuk ziren jakiteko, urtero alardea
 egitera behartzen zuen.
 Aspaldidanik, alarde hauek ospakizun haundiekin batera izaten ziren. Horra hor Irunen, Hondarribian, Tolosan, Elorrion...
 Antzuolako alardean ere, armen ikustaldiarekin batera ospakizun historiko bat ematen da: 920 urteko Baldejunkerako
 nahiz Yunkadiako, edo Gesalazko borrokaldia.

 
 Baldejunkera, Yunkadia edota Gesalazko borrokaldia
 920 urteko uztailaren 6an, Salinas de Oro eta Muezen artean dagoen Gesalazko haranean izan zen Baldejunkerako
 edo   Yunkadiako bataila horri buruzko interpretazioak ugari izan dira.
 Baldejunkerako ekintza euskaldun baten semea zen Abd al Rahman III emirrak burutu zuen. Dirudienez ez zuen atsegin
 garai  hartako euskaldun erregea zen Sancho I Garzesen espantsio-politika.
 Borrokaldia sekulakoa izan zen eta astindurik haundiena kristauentzat izan zen. Galtzaileak Muez deituriko
 gazteluan gorde ziren; hemen, esaten denez, preso hartu zituen Abd al Rahmanek, eta bere aurrean
 lepoa moztu zieten kristauei.
 Testuinguru honetan aipatzen da -herriko zenbait dokumentuk adierazten digutenez- Antzuolatik zetorrela konpainia bat.
 Eta hauek, ustekabean, irabazi egin zieten Abd al Rahmanen tropei.
 Garaipen hau gogoratu eta ospatu ere egiten da antzuolako alardean.
 

 Alardea eta mairuaren jaialdia
 Gipuzkoako probintzia eremutzat harturik, konturatuko gara bere barnean hainbat alarde ospatzen direla. Horra hor
 Hondarribian, Irunen, Tolosan. Denak berezitasun bera daukate: alardearekin batera borrokaldi historiko bat
 goraipatzen dela. Gauza bera gertatzen da Antzuolarekin, zeren alardearekin batera Baldejunkerako borrokaldia ospatzen
 baita.
 Mairuaren lehendabiziko datu zehatzak XVII. mendekoak dira: armarrian, diskurtsoan, musikan, Iparragirreren bertsoetan.
 Antzuolako alardeak bi zati nagusi dauzka: bata alardean datza, hau da, herria zeharkatzen egiten den ibilaldia eta
 armen  deskarga; eta bestea, Baldejunkerako ospakizuna, hau da, diskurtsoa eta mairuaren presentzia eta antzezpena.
 
 
 
Copyright © 1998 Angelo Cacciola Donati  HOME PAGE